LEDa piztu kableekin zirkuitu bat osatuz

Iametza
2019-01-24
26
EGINGARRI
51515
BISTARATZE

Aurreko ariketan bezala LED bat piztuko dugu zirkuitu elektriko bat osatuz, baina kasu honetan LEDa Arduinora zuzenean konektatu ordez prototipo plaka bat eta ar-ar kableak erabiliko ditugu zirkuitua osatzeko.

Prototipo plaka

Prototipo plaka soldadura beharrik gabe zirkuitu elektrikoak modu errazean osatzeko erabiltzen da. Izenak dioen bezala oso egokia da zirkuitu elektrikoen prototipoak egiteko, konexioak aldatuz probak erraz egin baitaitezke.

Tamaina eta itxura desberdinetako prototipo plaka daude baina guztiek egitura bera izaten dute. Prototipo plakaren zuloak elkarren artean konektatuta egoten dira zutabe eta errenkadetan. 
 

Kableak

Arduino eta prototipo plakekin lan egitean kable berezi batzuk erabiltzen dira. Kable hauekin konexioak egitea oso erraza da.

Bi muturretan dituzten konexioen arabera 3 kable mota daude:

•    Ar-ar kableak

•    Ar-eme kableak

•    Eme-eme kableak 

  • 1

    Ar-ar kable bat hartu eta Arduinoaren 3V3 konexiora konektatu. Beste muturra prototipo plakan konektatu, irudian ikusten den bezala:

  • 2

    LED bat hartu. Bere hanka luzea (anodoa) 3V3 konexiotik datorren kablearen errenkada berdineko edozein zulotan konektatu. Berdin dio zein zulotan konektatzen den, errenkada bakoitzeko zulo guztiak elkarren artean konektatuta baitaude. LEDaren hanka laburra hurrengo errenkadan konektatu, ez errenkada berean.

  • 3

    Beste kable ar-ar bat hartu eta mutur bat LEDaren hanka laburraren errenkada berdineko zulo batean konektatu. Ondoren, beste muturra Arduinoaren GND konexioan konektatuko dugu. Une horretan zirkuitua itxiko da eta LEDa piztuko da.

    Argindarra Arduinoaren 3V3 konexiotik ateratzen da. Kabletik eta prototipo plakatik zehar igaro ondoren LEDaren hanka luzera iristen da. Pauso hori ulertzeko, gogoratu errenkada bereko zulo guztiak elkarren artean konektatuta daudela plaka barruan. Ondoren, elektrizitatea LEDaren burutik igarotzen da, argia piztuz. Gero hanka laburrean zehar prototipo plakaren beste errenkadara igarotzen da eta bigarren kabletik Arduinoaren GND (lurra) konexiora iristean zirkuitua ixten da.

  • Arduino plaka bat
  • 2 kable ar-ar
  • 2 hankako LED bat
  • Prototipo plaka bat
2019-01-24
Teknologia Apika-steam